Bada nekazaritzako elikagaien hondakinak kudeatzeko irtenbide bat: GISWASTE tresna

27 Urr, 2017

Amaitu egin da Europako LIFE GISWASTE proiektua, AZTI buru duena, eta LKS Ingeniería, Geograma eta Ihobe sozietate publikoa lagun dituena. Proiektu horren baitan, informatika tresna bat garatu da, Informazio Geografikoko Sistemak (IGS) eta irizpide anitzeko erabakietan oinarritutako metodologiak uztartuz. Tresna horrek nekazaritzako azpiproduktuen balioa gehitzeko erabakiak hartzen laguntzen du, horiek zuzenean hondakintzat jo beharrean.

Europako proiektu horren baitan garatutako GISWASTE tresnak honako helburu hau du: Europako nekazaritzako elikagaien sektoreak sortutako azpiproduktu organikoak (4 milioi tona inguru) kudeatzeko irtenbide bideragarriak eskaintzea. Garatutako tresna Euskadin sortutako landareen, esnearen eta haragiaren azpiproduktuekin frogatu da. Aitzitik, aurreikuspenen arabera, antzeko arazoak dituen Europako edozein eskualdetan erabili ahal izango da aipatutako tresna.

Hemendik aurrera, herri administrazioak nahiz nekazaritzako elikagaien sektoreko hainbat erakunde, hala nola, enpresa ekoizleak, hondakinen kudeatzaileak eta ingurumen gaietan espezializatutako ingeniaritza eta aholkularitzako enpresak, GISWASTE tresna baliatu ahal izango dute. Hari esker erabaki dezakete landare-, haragi- eta esne-hondakinen balioa gehitu nahi ote duten biogasa edo animalia-pentsua ekoitziz.

Halaber, hizpide dugun tresna erabiltzen duten erakundeek, besteak beste, honako hauek izango dituzte eskuragai: elikagaien euskal industriak ekoitzitako landareen, esnearen eta haragiaren azpiproduktu guztien datu-base fidagarri eta eguneratua; animalia-pentsuko edo biogaseko instalazioen bideragarritasunari lotutako faktore tekniko, geografiko eta ekonomikoen eta ingurumen-faktoreen zerrenda; sorkuntza-guneen bideragarritasun teknikoari, instalazioen kokapen egokiari eta azpiproduktuak jasotzeko ibilbide logistikoen optimizazioari buruzko txostenak; instalazioaren urteko balantze ekonomikoa eta finantzako azterketa; eta proiektuaren ingurumen inpaktuen berri ematen duen txostena (karbono-aztarna, aztarna hidrikoa eta uren eutrofizazioa).

LIFE GISWASTE proiektuaren bazkide diren erakundeak

AZTI itsas eta elikagai ikerketan aditua den zentro teknologikoa da, eta arrantza eta itsas sektorearen eta elikagaien sektorearen gizarte- eta ekonomia-garapenarekin konprometitua dago. 30 urteko esperientzia du, eta 2.000 proiektu baino gehiago burutu ditu enpresa eta erakunde publikoekin. Gaur egun, Europako 30 proiekturen buru da. Geograma geoinformazioaren bilketa, horniketa eta tratamenduan espezializatutako enpresa-taldea da, eta erabakiak hartzean laguntzeko eta horiek kudeatzeko prozesuak optimizatzen laguntzen du, esparru publiko zein pribatuan. Geogramak zerbitzu espezializatuak eta irtenbide egokiak eskaintzen dizkie hainbat sektoreri, esate baterako, telefonia mugikor, banku jarduera eta ingeniaritza sektoreei eta sektore publikoari.
LKS taldea zerbitzu profesionalen sektoreko erreferente nagusietako bat da, eta azpiegituren inguruko aholkularitzan espezializatua dago. MONDRAGON taldean sartuta dago. Euskal enpresa-talde nagusia da hori, Espainiako zazpigarrena, eta zenbait sozietate kooperatibok eta hainbat forma juridikotako hamar partaidetzako enpresak baino gehiagok osatzen dute. Honatx LKS Ingeniería taldearen jarduera eremuak: arkitektura, ingeniaritza, hirigintza, higiezinen inguruko aholkularitza, diseinua eta berrikuntza eta zerbitzu espezializatuak.

Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari atxikitako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa da. Ihoberen helburua Eusko Jaurlaritzari laguntza ematea da Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-politika garatzeko eta ingurumen-jasangarritasunaren kultura hedatzeko.

Last modified on Ostirala, 27 Urria 2017

Parte-hartzaileak

AztiGeogramaLKSIhobe